XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Esan didate zein autobus hartu behar den erdi aldera joateko.

Autobusetan ez dela ordaintzen ere esan didate baina ez naiz nere onean etorri Piazza Duomon jaitsi naizen arte.

Jatetxe eta kafetegi banaka batzuk daude bakarrik zabalik eta jende gutxi ageri da kalean.

Katedralaren kontra amerikanoa bide den arlote itxurako bat ari da gasolina ahoan hartu eta sua botatzen.

Estaziorantz abiatu naiz bizikletari ongi etorria egitera.

Gaueko hamarrak ere ez dira eta ez dabil inor kalean.

Kaleetako argiak ere erdi itzalita.

Banketxeak, jantzi-denda dotoreak, kristalezko etxe handiak, hiri modernoa da Milan.

Atzera begiratu eta ez dator inor, aurretik ere ez.

Ez dakit korrika hasi ala zer egin.

Pausoa luzatuz eta neure arnasa entzunez heldu naiz geltokiko plazara.

Han mugimendu gehixeago ikusten da.

Ferrari bat gelditu da eta bi neska gonamotz hurbildu zaizkio.

Solasaldi labur bat izan dute eta Ferrariak tximistak dariola irten du, neskak bertan utzita.

- Una bicicletta? Quella là? - galdetu dit gizonak bazterrean dagoen nesken bizikleta seinalatuz.

- No, una da corsa verde.

- Solo è arrivata questa.

Ea noiz helduko den nerea, eta ez dakiela.

Etortzeko bihar.

Geltokian girotxoa dago.

Hiriko leku bizi bakarra dirudi.

Emakume ahots batek ez dakit nondik datorren trenak eta Como-ra doanak ordubeteko atzerapena dakarrela dio.

Hori entzutean zutik agurrak egiten zegoen bikote bat lurrean eseri eta muxu eternal bati lotu zaio.

Ibiltaria ibiltari bakarra eta bakartia da ostellorako azken autobusean.